Azkeneko berriak

 

Wikipedia: ez dok 300.000 (artikulu), baina...

Argitaratuta: 2018-02-19, Besteak atalean


2008an, Wikipediak bi milioi eta erdi artikulu baino gehiago zuen Ingelesezko bertsioan, munduko paperezko entziklopedia guztiek bildurikoa baino gehiago. Zortzi urte lehenago, egitasmo erraldoiari ekin ziotenean -unibertsoaren liburutegia- inork ez zekien noraino iritsiko zen, eta gainera hasierako zalantzak asko izan ziren, sakonena, hain zuzen, "mundu erreala" bere horretan jaso behar zukeen (haren zabalera guztian, errepideen inbentarioa barne...) ala mundu irrealak ere, immaterialak (Pokemon, lamiak, Olentzero...), aintzat hartu behar zirenetz.

Baina wikipediak bizirik daude, aldakorrak dira, etengabeko bilakaeran hedatzen dira, egileek hala osatzen eta handitzen dituztelako. Ezein hizkuntza delarik ere, wikipediak ez du edukietan mugarik aurkitu -liburu guztien unibertsoa-. Horiek horrela, wikipedia kultur bizitzaren isla dela aurki genezake; boluntarioek eraikitzen dutenez, haiek berek bizitzen dituzten kultur gai eta nahikundeek osatzen dute. Ez datu edo jakingarri huts eta hotz, baizik eta gogo-bihotzetan bizirik dauden asmo eta memoria. Encyclopaedia Britannicak ez zuen inoiz hain orohartzaile izaterik amestu.

Bestalde, hasmentan "entziklopedia digital erraldoia" egiteko inoren bermea (zientifikoa, egiaztapena, akademikotasuna...) behar zela bazirudien ere, baliagarria izango bazen behintzat, 18 urteko ibilbidean Kulturaren errespetua lortu du, hain zuzen ere kulturek ere haren errespetua eduki izan dutelako, hizkuntzak eta kulturak bere baitan hartu baititu.

Gureari dagokionez, herri, kultur, hizkuntza txiki izanagatik ere, toki zabala dugu sarean, Wikipedian (288.000 artikulu), eta esan genezake toki hori zabaltzen ari dela egunez egun, wikilarien lanari esker. Egunerokoa dugu Wikipedia. Gaur egun inor gutxi izanen da bazterretan Wikipedian bisita edo sar-atera behintzat egin ez duena. Honetaz eta bestez mintzatu da Xabier Cañas Zeberri aldizkarian, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko idazkaria.

Hazi eta hazi ari da euskal wikipedia, eta aurten hilez hil sariketak antolatuak dituzte, boluntarioak gehi daitezen animatzeko-eta. Bertan ikus dezakezu zertan diren sariketak. Otsailekoa ezin aipatu gabe utzi, Euskal Kulturan mugarri eta kasik ardatz ere bihurtu zen Ez dok hamairu iturri zahar, musika, olerki eta besteren erakusgarri historikoaren ur berria.

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago