Azkeneko berriak

 

Matrikula zabalik 'NAFARROAREN HISTORIA. MEMORIA BIZIA (1512-1982)' ikastaroan.

Argitaratuta: 2018-01-16, Ikastaroak atalean


Euskokultur Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, 1512. urtetik XX. mende hondarrera arteko ibilbidea aztertuko dute 12 saioko ikastaro batean.

Antolatzaileek hamabi hitzaldi prestatu dituzte, 500 urteko historia gizarteratzeko asmoz: konkistaren ondotik sorturiko testuinguru, bizimodu, pentsamendu eta arrazoibideen segida; Nafarroaren biziraupena, haren nortasuna foruen inguruan zainduta; politikari, intelektual zein herritar xehe aunitzek eginiko ekarpena, koiuntura bakoitzean eta ibilbide osoan zehar. Argilunez beteriko ibilbidea, nolanahi ere.

Saioak Arrotxapea auzoko Euskokultur Mintegian eginen dira, astero-astero, otsailaren 20tik maiatzaren 16ra. Asteartetan euskaraz eta asteazkenetan gaztelaniaz, biak ala biak 19:30etik 21:00etara. Hurrenez hurren, Bixente Serrano eta Aitor Pescador historialariak izanen dira bi taldeon gidari.

 

Izen emateko epea otsailaren 16 arte zabalik da, taldearen arabera matrikulak 50-60 euroko prezioa du eta plazak mugatuak dira. Xehetasun guztiak eta izen emateko argibideak ikastaroen atalean aurkitu ahal dira.

 

 

 

 

 

 

Itzuli

Bilaketa: