Azkeneko berriak

 

"Bizitza pilulak", Iruñeko historiako emakumeak ezagutarazteko proiektua

Argitaratuta: 2017-12-29, atalean


Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak Rita Aguinaga Iruñeko Orfeoiko aurreneko emakume bakarlariaren eta Remigia Echarren funanbulistaren bizitzei buruzko dokumental laburrak aurkeztu ditu. Ikusentzunezko biografia hauek "Bizitza pilulak" proiektuko lehenengo bi lanak dira. Ekimen honen heburua hainbat emakumek Iruñeko historiari egindako ekarpena aitortu eta ezagutaraztea da.

Gehienez bost minutuko iraupena izanen duten dokumental gehiago egiteko eta bilduma handi bat sortzeko asmoa du Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak. Ikusentzunezko lan hauetan protagonista diren emakume batzuk hiriko kale eta plazak izendatzen badituzte ere, hiritarrek ez dituzte haien biografiak ezagutzen. Esate baterako, Remigia Echarrenek Ezkabako kale bat izendatzen du eta Rita Aguinaga Lezkairuko Aitzindarien parkeko plazetako baten izena da.

Besteak beste, proiektu honen helburuak hauek dira: Iruñeko bizitzari eta hiriaren eraiketari hainbat emakumek egindako ekarpena ezagutarazi, emakumeen jakintzak eta bizi-esperientziak aintzat hartzeko androzentrikoak ez diren irizpideak eskaini, Iruñeko emakumezkoen erreferenteak sortu eta emakumeen ikusezintasun sistematikoak suposatzen duen biolentzia sinboliko inplizitua erakustea.

Eguberriak direla-eta, Udalak bi dokumentalak eta Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen aurkezpen spota USB memoriatan bildu ditu eta hiritarrei dohainik eskaini nahi dizkie, "Memoria oparitu" lemapean. USBak honako toki hauetan eskuragai izanen dira: Berdintasun eta LGTBQI sailean (Udaletxeko 4. solairuan), Ematic gunean (Konpainia kalea, 29), Harrotun (San Gregorio kalea, 28) eta Zentron (Kondestablearen Jauregian - Kale Nagusia, 2).

Itzuli

Bilaketa: