Azkeneko berriak

 

“Ane eta ohe hegalaria” ikuskizuna

Argitaratuta: 2017-11-22, Ondarea atalean


Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarrekin aurkeztu dituzte abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hurrengo asteetan gauzatuko diren kultur jarduerak. Artean antzerkia, bertsolariak, musika emanaldiak edo gazteendako kultura digitaleko laborategi bat daude egitarauan.

Aurtengo jarduera handienetariko bat familiendako antzerki musikadun bat izanen da, hainbat tokitan emanen dena:

“Ane eta ohe hegalaria”

  • Abenduak 1, Tutera, Fernando Remacha Kontserbatorioa, 18:30.
  • Abenduak 3, Iruña, Café Teatro Zentral, 12:00.
  • Abenduak 5, Lesaka, Harriondoa Kultur Etxea, 18:30.
  • Abenduak 6, Altsasu, Iortia Kulturgunea, 17:30.
  • Abenduak 7, Tafalla, Kulturgunea, 18:00
  • Abenduak 8, Zangoza, El Carmen entzunaretoa, 18:00.

 

Antzeztoki guztietan sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Antzezlanean kontatzen den istorioan “neskatiko bat agertuko da, lo egitea gorroto duena. Amatxik ipuinak kontatzen zizkion ohatzera joan aurretik. Anek lau urte ditu orain, baina amatxirik ez, eta bere gelan bakarrik gelditzen denean, ez du begirik bildu nahi izaten…”.

Bidaia baten modura ageri zaigu istorioa. Bidaia bat denboran zehar, Nafarroako lurraldean zehar, neskatiko baten ilusioetan zehar eta familia baten bizipenetan zehar. Antzezlan honek "Xaldun Kortin" du oinarri, ahozko tradiziotik berreskuratu diren herri ipuinak, jolasak, esapideak eta kantak XXI. mendeko haurrei helarazteko egitasmoa. Ikuskizuna 0tik 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako da bereziki, eta 45 minutu irauten du.

Itzuli