Azkeneko berriak

 

Bertsokabi, Eugenio Arraiza omentzen duen bertso sariketa, bukatzear

Argitaratuta: 2017-10-25, Orokorra atalean


Barañaingo Lanabe aretoan giro bikainean jokatu zen BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa, bertsoez gozatzera hurbildu ziren 80ren bat entzuleen aurrean. Garaile Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi izan ziren. Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortzak eta Saats Karasatorrek eta Unai Artiedak osatutako bikoteei nagusitu eta hortaz, datorren ostegunean, hilak 26, Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalean izango dira haiek ere. 


Osatu da, beraz, sariketako finalean ariko diren bertsolarien zerrenda. Urriaren 26an, Iruñeko Arrano Elkartean ariko dira Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatuko du azken honek), Joanes Illarregi eta Ekain Alegre eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, 20:00etatik aurrera. Ainhoa Larretxea ariko da gai-jartzaile. Sarrera doakoa izango da, orain arteko kanporaketetan bezalaxe. 

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Dakigunez, ikertzaile eta eragile nekaezin, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen gure Fundazioaren sortzailea; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan, eta Bertsozale Elkartearen ekimena eskertu besterik ezin dugu egin.

Iturria: Bertsozaleen Elkartea

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago