Azkeneko berriak

 

18 bertsolari gaztek hartuko dute parte lehen aldiz jokatuko den Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketan

Argitaratuta: 2017-09-26, atalean


Bikoteka ariko dira 16 eta 30 urte bitarteko bertsolariak, urriaren 5ean hasi eta 26an bukatuko den Xalto Sariaren ordezko sariketan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Iruñeko Udala eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin, Nafarroako bertsolari gazteei eskainitako Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa jarriko du aurki martxan. Herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 

Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.

Osotara, 16 eta 30 urte bitarteko hemezortzi bertsolarik eman dute izena BERTSOKABI – Eugenio Arraiza Sariketan. Bikoteka ariko dira bertsolariak, zozketak erabakitako moduan. Guztira, lau saio izango ditu sariketak (hiru kanporaketa eta finala). Kanporaketa bakoitzean gailentzen den bikoteak lortuko du finalerako pasea.

iturria: erran.eus

Itzuli