Azkeneko berriak

 
 
  • Wikipedia: ez dok 300.000 (artikulu), baina...

    2018-02-19

    2008an, Wikipediak bi milioi eta erdi artikulu baino gehiago zuen Ingelesezko bertsioan, munduko paperezko entziklopedia guztiek bildurikoa baino gehiago. Zortzi urte lehenago, egitasmo erraldoiari ekin ziotenean -unibertsoaren liburutegia- inork ez zekien noraino iritsiko zen, eta gainera hasierako zalantzak asko izan ziren, sakonena, hain zuzen, "mundu erreala" bere horretan jaso behar zukeen (haren zabalera guztian, errepideen inbentarioa barne...) ala mundu irrealak ere, immaterialak (Pokemon, lamiak, Olentzero...), aintzat hartu behar zirenetz.

    Baina wikipediak bizirik daude, aldakorrak dira, etengabeko bilakaeran hedatzen dira, egileek hala osatzen eta handitzen dituztelako. Ezein hizkuntza delarik ere, wikipediak ez du edukietan mugarik aurkitu -liburu guztien unibertsoa-. Horiek horrela, wikipedia kultur bizitzaren isla dela aurki genezake; boluntarioek eraikitzen dutenez, haiek berek bizitzen dituzten kultur gai eta nahikundeek osatzen dute. Ez datu edo jakingarri huts eta hotz, baizik eta gogo-bihotzetan bizirik dauden asmo eta memoria. Encyclopaedia Britannicak ez zuen inoiz hain orohartzaile izaterik amestu.

    Bestalde, hasmentan "entziklopedia digital erraldoia" egiteko inoren bermea (zientifikoa, egiaztapena, akademikotasuna...) behar zela bazirudien ere, baliagarria izango bazen behintzat, 18 urteko ibilbidean Kulturaren errespetua lortu du, hain zuzen ere kulturek ere haren errespetua eduki izan dutelako, hizkuntzak eta kulturak bere baitan hartu baititu.

    Gureari dagokionez, herri, kultur, hizkuntza txiki izanagatik ere, toki zabala dugu sarean, Wikipedian (288.000 artikulu), eta esan genezake toki hori zabaltzen ari dela egunez egun, wikilarien lanari esker. Egunerokoa dugu Wikipedia. Gaur egun inor gutxi izanen da bazterretan Wikipedian bisita edo sar-atera behintzat egin ez duena. Honetaz eta bestez mintzatu da Xabier Cañas Zeberri aldizkarian, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko idazkaria.

    Hazi eta hazi ari da euskal wikipedia, eta aurten hilez hil sariketak antolatuak dituzte, boluntarioak gehi daitezen animatzeko-eta. Bertan ikus dezakezu zertan diren sariketak. Otsailekoa ezin aipatu gabe utzi, Euskal Kulturan mugarri eta kasik ardatz ere bihurtu zen Ez dok hamairu iturri zahar, musika, olerki eta besteren erakusgarri historikoaren ur berria.



  • Matrikula zabalik 'NAFARROAREN HISTORIA. MEMORIA BIZIA (1512-1982)' ikastaroan.

    2018-01-16

    Euskokultur Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, 1512. urtetik XX. mende hondarrera arteko ibilbidea aztertuko dute 12 saioko ikastaro batean.

    Antolatzaileek hamabi hitzaldi prestatu dituzte, 500 urteko historia gizarteratzeko asmoz: konkistaren ondotik sorturiko testuinguru, bizimodu, pentsamendu eta arrazoibideen segida; Nafarroaren biziraupena, haren nortasuna foruen inguruan zainduta; politikari, intelektual zein herritar xehe aunitzek eginiko ekarpena, koiuntura bakoitzean eta ibilbide osoan zehar. Argilunez beteriko ibilbidea, nolanahi ere.

    Saioak Arrotxapea auzoko Euskokultur Mintegian eginen dira, astero-astero, otsailaren 20tik maiatzaren 16ra. Asteartetan euskaraz eta asteazkenetan gaztelaniaz, biak ala biak 19:30etik 21:00etara. Hurrenez hurren, Bixente Serrano eta Aitor Pescador historialariak izanen dira bi taldeon gidari.

     

    Izen emateko epea otsailaren 16 arte zabalik da, taldearen arabera matrikulak 50-60 euroko prezioa du eta plazak mugatuak dira. Xehetasun guztiak eta izen emateko argibideak ikastaroen atalean aurkitu ahal dira.

     

     

     

     

     

     



  • "Bizitza pilulak", Iruñeko historiako emakumeak ezagutarazteko proiektua

    2017-12-29

    Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak Rita Aguinaga Iruñeko Orfeoiko aurreneko emakume bakarlariaren eta Remigia Echarren funanbulistaren bizitzei buruzko dokumental laburrak aurkeztu ditu. Ikusentzunezko biografia hauek "Bizitza pilulak" proiektuko lehenengo bi lanak dira. Ekimen honen heburua hainbat emakumek Iruñeko historiari egindako ekarpena aitortu eta ezagutaraztea da.

    Gehienez bost minutuko iraupena izanen duten dokumental gehiago egiteko eta bilduma handi bat sortzeko asmoa du Iruñean Emakumeak Izendatu taldeak. Ikusentzunezko lan hauetan protagonista diren emakume batzuk hiriko kale eta plazak izendatzen badituzte ere, hiritarrek ez dituzte haien biografiak ezagutzen. Esate baterako, Remigia Echarrenek Ezkabako kale bat izendatzen du eta Rita Aguinaga Lezkairuko Aitzindarien parkeko plazetako baten izena da.

    Besteak beste, proiektu honen helburuak hauek dira: Iruñeko bizitzari eta hiriaren eraiketari hainbat emakumek egindako ekarpena ezagutarazi, emakumeen jakintzak eta bizi-esperientziak aintzat hartzeko androzentrikoak ez diren irizpideak eskaini, Iruñeko emakumezkoen erreferenteak sortu eta emakumeen ikusezintasun sistematikoak suposatzen duen biolentzia sinboliko inplizitua erakustea.

    Eguberriak direla-eta, Udalak bi dokumentalak eta Iruñean Emakumeak Izendatu taldearen aurkezpen spota USB memoriatan bildu ditu eta hiritarrei dohainik eskaini nahi dizkie, "Memoria oparitu" lemapean. USBak honako toki hauetan eskuragai izanen dira: Berdintasun eta LGTBQI sailean (Udaletxeko 4. solairuan), Ematic gunean (Konpainia kalea, 29), Harrotun (San Gregorio kalea, 28) eta Zentron (Kondestablearen Jauregian - Kale Nagusia, 2).



  • Pirinioetako galtzada erromatarrari buruzko liburua argitaratu du Aranzadik

    2017-12-11

    Aranzadi Zientzia Elkarteak pirinioetako erromatar galtzadari buruzko liburua atera berri du. Bertan, azken urteotan Auritz inguruan egindako aurkikuntza arkeologikoei buruzko hainbat artikulu zientifiko bildu dituzte.

    2008. urtean hasi zituzen Aranzadiko kideek galtzadari buruzko ikerketak eta orduzgeroztik Donazarre eta Longida arteko eremuan hainbat erromatar kokaleku dokumentatu dituzte, bidearen bazterretan. Aurkikuntza horiek guztien berri emateko, hainbat aditu bildu zituen jardunaldia antolatu zuten Auritzen 2013ko uztailean. Jardunaldi hartako ondorioak dira orain liburu gisa argitaratutakoak.

    204 orrialde ditu argitalpenak eta muxutruk eskura daiteke, Auritzeko udalean, besteak beste.



  • “Ane eta ohe hegalaria” ikuskizuna

    2017-11-22

    Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarrekin aurkeztu dituzte abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hurrengo asteetan gauzatuko diren kultur jarduerak. Artean antzerkia, bertsolariak, musika emanaldiak edo gazteendako kultura digitaleko laborategi bat daude egitarauan.

    Aurtengo jarduera handienetariko bat familiendako antzerki musikadun bat izanen da, hainbat tokitan emanen dena:

    “Ane eta ohe hegalaria”

    • Abenduak 1, Tutera, Fernando Remacha Kontserbatorioa, 18:30.
    • Abenduak 3, Iruña, Café Teatro Zentral, 12:00.
    • Abenduak 5, Lesaka, Harriondoa Kultur Etxea, 18:30.
    • Abenduak 6, Altsasu, Iortia Kulturgunea, 17:30.
    • Abenduak 7, Tafalla, Kulturgunea, 18:00
    • Abenduak 8, Zangoza, El Carmen entzunaretoa, 18:00.

     

    Antzeztoki guztietan sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Antzezlanean kontatzen den istorioan “neskatiko bat agertuko da, lo egitea gorroto duena. Amatxik ipuinak kontatzen zizkion ohatzera joan aurretik. Anek lau urte ditu orain, baina amatxirik ez, eta bere gelan bakarrik gelditzen denean, ez du begirik bildu nahi izaten…”.

    Bidaia baten modura ageri zaigu istorioa. Bidaia bat denboran zehar, Nafarroako lurraldean zehar, neskatiko baten ilusioetan zehar eta familia baten bizipenetan zehar. Antzezlan honek "Xaldun Kortin" du oinarri, ahozko tradiziotik berreskuratu diren herri ipuinak, jolasak, esapideak eta kantak XXI. mendeko haurrei helarazteko egitasmoa. Ikuskizuna 0tik 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako da bereziki, eta 45 minutu irauten du.



  • Bertsokabi, Eugenio Arraiza omentzen duen bertso sariketa, bukatzear

    2017-10-25

    Barañaingo Lanabe aretoan giro bikainean jokatu zen BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa, bertsoez gozatzera hurbildu ziren 80ren bat entzuleen aurrean. Garaile Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi izan ziren. Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortzak eta Saats Karasatorrek eta Unai Artiedak osatutako bikoteei nagusitu eta hortaz, datorren ostegunean, hilak 26, Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalean izango dira haiek ere. 


    Osatu da, beraz, sariketako finalean ariko diren bertsolarien zerrenda. Urriaren 26an, Iruñeko Arrano Elkartean ariko dira Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu (berez sailkatutako Irati Majuelo ordezkatuko du azken honek), Joanes Illarregi eta Ekain Alegre eta Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, 20:00etatik aurrera. Ainhoa Larretxea ariko da gai-jartzaile. Sarrera doakoa izango da, orain arteko kanporaketetan bezalaxe. 

    Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Dakigunez, ikertzaile eta eragile nekaezin, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen gure Fundazioaren sortzailea; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan, eta Bertsozale Elkartearen ekimena eskertu besterik ezin dugu egin.

    Iturria: Bertsozaleen Elkartea



  • Navarrorum: erakusketa eta hitzaldi zikloa

    2017-10-18

     

    “NAVARRORUM ez da euskararen historiari buruzko erakusketa bat”. Halaxe dio Kultura Sailak igorritako oharrak.

    Mende luzeetan zehar ahozko hizkuntza izan denez, gutxi dira inprenta sortu aurretik euskaraz idatzitako lerroak. Halere, aztarnak izan badira, bai eta esanahi eta garrantzi handikoak. Urte bukaera arte, horietako 36ren inguruko erakusketa jarri dute Nafarroako Errege Artxibo Nagusian.

     

    • Uxue eta Lergako harriak

      Esanguratsuak dira, adibidez, Lergako hilarrian eta Uxueko aldare-harrian irakurri ahal ditugun hitzak, hurrenez-hurren “ummesahar” eta “lacubegi”. Biak ala biak 150. urte ingurukoak dira.
    • Al-bashkiya

      Muhammad bin Abd al-Munim al-Himyarik idatziriko Rawd al-Mitar liburuak 950. urteko kronika bat jasotzen du, zera dioena Iruñeari buruz:
       
      "Mendi gora eta ibar sakonen artean kokatuta, naturak ez du gehiegi laguntzen. Bere biztanleak pobreak dira, ez dute behar adina jaten eta lapurreta dute ogibide. Gehiengoak euskaraz (al-bashkiya) hitz egiten du, eta horregatik ezin zaie entenditzen ahal. Inguru gogorrean bizi dira, eta horregatik gogorrak dira ere haien zaldien apatxak. Herri honetako biztanleak ere badira iparralderago, Atlantikoko kostaldean."
    • Lingua Navarrorum

      1167ko pergamino bat ere ikusgai dago Artxiboko aretoan. Antso VI.a Jakitunak Aralarko San Migelekoei zuzendutako agiria izaki, euskara izendatzeko erabili zuen esapidea eta euskarazko hitzak irakurri ahal dira:

      “Ortiz Lehoarriz faciet, ut lingua Navarrorum dicitur, unamaizter; et Aceari Umea faciet buruzagui quem voluerit”.

       

    • Zalbako Matxinen gutuna

      1416an dataturiko Martin de San Martin eta Machin de Çalua (Zalba), Nafarroako funtzionario biren arteko korrespondentzia erakusketaren beste harribitxietako bat da. Idazkaria zen lehendabizikoa, diruzaina bigarrena. San Martinekoak Zalbakoari diru-kontuak argitzeko eskatzen zion, bestelako afera pertsonalago batzuez itauntzeaz gain. Erromantzez ari da baina euskaraz egiten dio agurra.

      --------------------------------------------------------------------

      Machin seynnor: supplico vos que me imbiedes por escripto quoanta es la gracia que los de Sant Johan han de la imposicion; et jaunatiçula egun hon; et me inbiat a dizier si beares al conbit o non.

      Et todo vuestro, Martin de San Martin

      --------------------------------------------------------------------

      Zalbakoak, aldiz, euskarazko parrafo ederra oparitu zion bueltan:

      -------------------------------------------------------------------

      Seynnor maestre Martin. A commodo vos a Miguel Papon buen amic et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon baron que mal li se faga en el coillon et escusatme de conbit que non puedo ser, que huespedes tiengo.

       

      Et jaunatiçula abarion eznayz bildur ezten alla. Et jaquiçu Done Johanne Garaçicoec dute graçia erregue baytaric hurtean yruroguey et amaui florin hurtean baytator sey florin et tercio bat ylean rebatiçera colectoreari et alegraçaytec ongui.

      Zure guçia, Machin de Çalua.

       

       

    Bildutako bestelako dokumentu batzuek erakusten dute XVII. mendean euskara ohiko hizkuntza zela Nafarroako eremu zabal batean.

    Ziraukin, funtzionario euskaldunak eskatu zituzten; Uxueko priore izateko euskara jakitea beharrezkoa zen; eta Nafarroatik Kataluniara eta Portugalera bidali zituzten tropen kapilaua euskalduna izateko eskatu zuten Nafarroako Gorteek: «Ez badaki, ez dio soldata ordaindu behar». Garai hartan Iruñean egindako literatur lehiaketara aurkeztutako testuak hiru hizkuntzatan ziren: gaztelera, latina eta «erresumaren jatorrizko hizkuntza».

     

     

    Esposizoaz gain, hitzaldi-sorta.

    Erakusketaren harira eta berau osatzeko, gaur bertan abiatuko den hitzaldi zikloa antolatu dute:

    Urriak 18, 19:00etan

    JOAQUIN GORROCHATEGUI - Euskal Herriko Unibertsitatea
    "Euskara Antzinatean"

    Azaroak 8, 19:00etan

    PATXI SALABERRI - Nafarroako Unibertsitate Publikoa
    "Euskara Erdi Aroan"

    Azaroak 22, 19:00etan

    JUAN MADARIAGA ORBEA - Nafarroako Unibertsitate Publikoa
    "Euskara XVII. eta XIX mendeetan"

    Abenduak 13, 19:00etan

    PAULA KASARES CORRALES - Nafarroako Unibertsitate Publikoa
    "Euskara Nafarroan, XX eta XXI. mendeetan”

     

    Iturriak: berria.eusculturanavarra.es



  • Nafarroako Ahozko Ondarearen bilketari buruzko posterra aurkeztuko dugu Ondare Kultural Materiagabearen I. Nazioarteko Kongresuan

    2017-10-04

    Ondare Kultural Materiagabearen I. Nazioarteko Kongresua antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ondare Materiagabearen Katedrak, urriaren 5 eta 6rako.

    Gero eta globalizatuagoa den munduan komunitateen kulturaren mantenurako ezinbesteko faktore den neurrian, Ondare Kultural Materiagabearenganako (OKM) interesa hazi da azken urteotan. Hartara, OKMaren gainean lanean diharduten ikertzaileen arteko elkartrukaketa, sortutako ezagutza, gauzatu diren edo gauzatzen ari diren hezkuntza arloko zein difusiozko proposamenak partekatzeko helburuarekin antolatu du katedrak kongresua. OKMaren babesa, ikerketa eta transmisioa jorratuko dira diziplinarteko biltzar zientifikoa izanen den honetan. Nafarroako museoa izanen du egoitza kongresuak hitzaldi nagusiez gain, aldibereko komunikazio saioak eta poster aurkezpenak ere aurrikusita daude.

    Euskokultur Fundazioko lantaldeak, Labrit Multimediakoarekin batera, Nafarroako Ahozko Ondarearen bilketari buruzko poster baten bidez parte hartuko du biltzarrean. Bertan, herriz-herriko bilketa prozesuari eta orain arteko emaitzei buruzko azalpenak emanen ditugu. 

    Saioak ostegunean goiz eta arratsalde eta ostiral goizean izanen dira. Programa osoa kongresuaren webgunean dago kontsultagarri.



  • 18 bertsolari gaztek hartuko dute parte lehen aldiz jokatuko den Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketan

    2017-09-26

    Bikoteka ariko dira 16 eta 30 urte bitarteko bertsolariak, urriaren 5ean hasi eta 26an bukatuko den Xalto Sariaren ordezko sariketan.

    Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Iruñeko Udala eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin, Nafarroako bertsolari gazteei eskainitako Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa jarriko du aurki martxan. Herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 

    Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.

    Osotara, 16 eta 30 urte bitarteko hemezortzi bertsolarik eman dute izena BERTSOKABI – Eugenio Arraiza Sariketan. Bikoteka ariko dira bertsolariak, zozketak erabakitako moduan. Guztira, lau saio izango ditu sariketak (hiru kanporaketa eta finala). Kanporaketa bakoitzean gailentzen den bikoteak lortuko du finalerako pasea.

    iturria: erran.eus



  • Martxan da 2017ko mikro-ipuin Lehiaketa

    2017-09-19

    (ezkerretik eskuinera: Zuriñe Hidalgo, Pello Eltzaburu (Pamiela) eta Mikel Haranburu (Euskokultur).

    Euskokultur Fundazioak eta Pamiela Argitaletxeak Mikro-ipuin lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute, 100 hitzera arteko euskarazko idazlanak sarituko dituena.

    Zuriñe Hidalgo abesle eta telebista aurkezlea izanen da aurtengo artista gonbidatua. Berak ere bere ekarpentxo literarioa eginen du, eta parte-hartzaile, irakasle eta gurasoekin batera ospatuko den sari banaketan parte hartuko du. Bestetik, Miren Asiain ilustratzaileak egin du hamaikagarren edizioaren irudia.

    Hezkuntza Departamentuaren bitartez Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du lehiaketak, eta sei kategoriatan antolatuta dago, ikasketa-ereduaren eta zikloaren arabera; Nafarroa Garaiko (A zein D ereduko) lehen eta bigarren hezkuntzako eta Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko lehen eta bigarren mailako ikasle orok hartu dezake parte.

    Epaimahaia Aingeru Epaltza, Inma Errea, Itziar Diez de Ultzurrun, Toño Muro eta Joxemari Sestorainek osatuko dute. Kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horrezaz gain, hautaturiko lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak.

    Abenduaren 22ra arte zabalik dago lanak bidaltzeko epea. Lehiaketaren arauak eta parte hartzeko argibide guztiak, mikroipuin lehiaketaren atalean



  • Joanikot pastorala, irailaren 10ean Baluarten

    2017-09-04

    Heldu den irailaren 10ean, igandearekin, eguerdiko 11:00etan, Joanikot pastorala, aurtengo udan Zuberoan antzeztutako pastorala, jokatua izanen da Iruñeko Baluarte antzokian, Iruñeko udalak antolatuta.

    Zuberoako pastorala aire-librean jokatzen den euskal antzerki herrikoiaren mota landuena da. Antzerkia, kantua, dantza eta musika uztartzen dituen genero honek, bi talde antagonikoren bitartez kontatzen du, hautatua izan den 'sujet' edo protagonistaren historia. Aurtengo pastoralak, Altzai eta Lakarri herriek jokatua,  Arberoako Joanikot kapitainaren eta bere emazte Hoztako Maia-ren bizia kontatu du. Joanikot kapitainaren istorio ahanztuaren bitartez, Nafarroako historiaren pasarte garrantzitsu zenbait gogora ekartzen ditu pastoralak. Joanikotek Nafarroako konkistan parte hartu zuen 1512. urtean, Albako dukearen ondoan, Kastilla eta Aragoiko erresumen alde. Haatik, irabazleek egindako triskantzak ikusirik, Joanikot kapitaina Albreteko Enriqueren alde jarri zen, Nafarroa berreskuratzeko saialdietan. 1521eko Garaziko setioan Gaztelarrek preso hartu zuten Joanikot  eta Iruñera eraman. Han traidore jo, hil eta haren gorputza laurdenkatu zuten, hiriko sarguneetan erakutsiz. Orduan Hoztako Maia, bere emazteak Tebaseko haien etxea utzi behar izan zuen eta Baionara ihes egin behar izan zuen.

    Igandean, goizeko 10:00etan hasiko dira Pastoralaren inguruko ekitaldiak, karrika-inguruarekin. Zumalakarregiren ataritik abiatu, Redin kalea igo, San Jose Plaza, Curia eta Mercaderes karrikak zeharkatu eta Udal plazan amaituko da. 11:00etan berriz, Pastoralaren antzeztea izanen da Baluarten, esan bezala.

    Sarrerak 5 euroan daude salgai, Baluarten txarteldegian eta webgunean.



  • Emaitza berriak Zalduako (Auritz) indusketa arkeologikoan

    2017-08-04

    Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Museum of London Archaeology (MOLA) museoko arkeologoak duela 6 urtetik ari dira Auritz eta Aurizberri inguruan dagoen aztarnategi honetan ikerketak egiten. Aurtengo uztaileko kanpainan, hogei arkeologoren borondatezko lanari esker burutu da ikerketa-lana, Nafarroako Gobernuaren, Euskokultur Fundazioaren eta Aurizko Udalaren babesarekin.

    Hiri-izaerako aztarnategi garrantzitsua dugu honako hau eta Iter XXXIV galtzadaren Pirinioetako igarobidean dago kokatuta. Astorga-Astorica eta Bordele-Burdigala lotzen zituen galtzada horrek eta egile klasiko erromatarrek Summum Pirineum eta Iturissa kokalekuak aipatzen dituzte baskoien lurretan.

    Indusketa-kanpaina

    Kanpaina honetan, 280m²-ko indusketa-eremua zabaldu dugu indusketaren arduradunetako batek, Ekhine Garciak hain zuzen, defendatu berria duen geofisikako doktore-tesiaren emaitzak kontuan hartuta.  Kokalekua hautatzeko, 2013 eta 2017 urteen artean eginiko prospekzio magnetikoen eta georradar bidezko prospekzioen emaitzak izan dira oinarria, emaitza horiek agerian utzi baitzituzten inguru hau zeharkatzen duen galtzadaren bi aldeetako egitura arkeologikoak. Zulatutako lagina galtzada zeharkatzeko eta bi motatako eraikuntza-egiturak barnean hartzeko moduan kokatu da.

    MOLA, Museum of London Archaeology museoko ildo metodologikoak aplikatu dira esku-hartzean. Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundea da. Lan honetarako, bost laguneko lantaldea etorri da Londrestik eta zulaketa-lanen gidaritzan parte hartu dute. Horrez gain, Aranzadiko gazte arkeologoen belaunaldi berriei prestakuntza ere eman diete.  MOLA erakundeak teknologia berrietan dituen ezagutzak eskaini ditu. Teknologia horiek, gainera, Londresko City hiri-eremu konplexuan kokatutako erromatar aztarnategien kudeaketa arkeologikoan erabiliak zituzten lehendik

    Azaleko geruza kendu ondoren azaldu ziren lehen aztarnak, bai galtzadarenak, bai eta sistema geofisikoen bidez hautemandako eraikinen horma-egiturenak ere. Honako material hauek azaldu ziren batez ere: eraikuntzako materialen hondakinak (adreiluak, lauzak eta mortero-hondarrak), egurrezko egiturak erabili zituztela iradokitzen duten iltze ugari eta askotariko zeramika-hondakinak. Beirazko zati ugari ere azaldu ziren, seguru asko, ontzi txikienak.

    Hiri-izaerako kokaleku garrantzitsu bat ikusi genuen ondoren Ibañeta muino historikoaren oinean, baskoien lurretan, eta iturri erromatarrek bi populazio gune seinalatzen dituzte hor: Iturissa eta Summum Pirineum.

    *Iturriak: Testua Arantzadi Zientzia Elkartea / Bideoa Berria telebista



  • "EUSKAL HERRIKO TXISTULARIEN ELKARTEA. NAFARROA", MINTEGIKO PARTAIDE BERRIA

    2017-06-27

    Pasa den maiatzetik aitzina partaide dugu "Euskal Herriko Txistularien Elkartea. Nafarroa" Euskokultur Mintegian. Elkarte horrek berrantolakuntzari ekin zion iaz eta besteak beste elkarte-egoitza eta helbide baten beharra aurkitu zuten. Mintegiaren berri izan eta hemen diren beste kultur eragileen ondoan jarduteko asmoa jakinarazi ziguten, Mintegiaren proiektuan haiek ere partehartzaile bilakatuz.

    Txistularien lana musika bada ere, ez dute gurean ez kontzerturik eta ez entsegurik ere eginen, baizik eta beren ekitaldien prestaketa lan isila, batzarrak... Edonola ere, Mintegian ostatu hartu duen beste kultur agerpen bat da, besteon ahalegin eta jarduera osatzera heldu dena. Ongi etorri eta probetxugarria izan dadila!



  • Izen-ematea zabalik udazkeneko Historia ikastaroetan.

    2017-06-21

    Udaberriko ikastaroak bukatu berri direla, hurrengo ikasturtekoak prest ditugu dagoeneko. Udaren bueltan, Nafarroa Estatu subiraua zeneko garaia aztertuko dugu, Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte. Irailaren 26an abiatuko da ikastaroa, 12 saio eginen direlarik abenduaren 19a bitarte.

    Euskarazko saioak astearteetan izanen dira, Bixente Serranoren eskutik. Gaztelaniazkoak berriz asteazkenetan, Aitor Pescadorrek gidatuta. Bi taldeen ordutegia berdina da, 19:30etik 21:00etara.

    Saioz saio, “urte ilunak” deiturikoak (778-900) landuko dira, halanola Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000) eta Antso III. Nagusiaren eta bere oinordekoen gorabeherak. Segidan, Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinurako eginiko bidea (1076-1194) aztertuko da, XV. mendeko asaldadura arte. Abendura helduta, Nafar Estatuak Europarekin izandako harremana eta Nafarroaren konkista jorratuko da.

    Matrikularen prezioa 50 euro da, eta plazak mugatuak dira. Informazio gehiago eta izen-ematea, ikastaroen atalean.



  • 2016ko mikro-ipuin lehiaketako liburua argitara eman dugu

    2017-06-02

    Iragan ostiralean, ekainaren 2a, 2016 Mikro-ipuin lehiaketan saritutako lanak biltzen dituen liburuttoa aurkeztu genuen Gazteluko plazan, urtero liburu-saltzaileek antolatzen duten azokaren ingurunean. Liburuak ikasleen 23 ipuinez gain Oier Sanjurjok idatzitakoa ere badakar, bai eta epaimahaiak emandako akta ere.

    Pamiela etxeak argitaratua, liburua ez da salgai jarriko, prezio sinbolikoa baizik ez baitu. Bai ordea, doan banatuko ikastetxe guztietara, baliabide didaktiko gisa baliatua izan dadin. Paperezko argitalpenaz gain, PDF formatuan eskaintzen dugu, bertatik eskuratzeko moduan.

    Aurkezpen ekitaldian, argitaratzaileekin batean lehiaketako epaimahaikideak eta hainbat gonbidatu ere izan ziren. Hauen artean eta irakasleren batek lagundurik, idazleetariko batzuk, jendaurrean nork bere ipuina irakurri baitzuen. Ipuin-egileek ale sorta eraman zuten, etxekoen zein lagunen artean banatzeko.

    Inma Errea eta Itziar Diez Ultzurrun epaimahaikideek egin zituzten aurkezle eta irakurle lanak, Pello Elzaburuk liburuaren gaineko zertzelada batzuk eman zituen eta Fundazioko patronatukide Xamarrek bertan zeudenak agurtu eta ikasleak oro zoriondu zituen.

    Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailaren ordezkari hainbat lagun etorri zen, besteak beste Maria Solana Hezkuntza kontseilari andrea. Sail horrek lehiaketa honi zein liburuari harrera egokia egin die, nola A eta D ereduko ikastetxeentzat hala ikastolentzat ekarpen baliagarria delako.

    Aleak ez du toki handirik hartuko etxeko liburutegian, liburuan ipuinek toki handia hartzen ez duten era berean, baina bai erakusten du gure euskal ikasleen irudimenaren handia! Bejondeiela eta jarrai dezatela sormena geure hizkuntzan lantzen.



  • BANATU DITUGU MIKRO-IPUIN LEHIAKETA 2016KO SARIAK

    2017-05-15

    Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako Mikro-ipuin lehiaketako sariak banatu dira azken egunetan. Maiatzaren 10ean (Larraintzarren), maiatzaren 11an (Cortesen) eta maiatzaren 14an (Senpereko Herri Urratsen) izan dira sari-emate ekitaldiak, partaidetza handiz eta giro goxoan.

    D ereduko saridunen ekitaldia, Larraintzarren

    Maiatzaren 10ean, asteazkena, D ereduko Lehen eta Bigarren hezkuntzako sariak banatu ziren, lepo beteriko Ultzamako Gizarte Zentroko areto nagusian.

    Luis Lizarribar Larrainzar DBHI-ko zuzendariaren aurkezpenaren ondotik, ikastetxeko ikasleek zenbait bertso eta dantza egin zituzten. Ondotik, Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk eta Osasunako jokalari Oier Sanjurjok banatu zizkieten sariak honako saridunei:

     

     

    D ereduko Lehen Hezkuntza:

    Lehen saria: “Susanaren motxila”.. Aizea Jarauta Alvarez. Argia Ikastola (Tutera). 5. maila.

    Ohorezko aipamenak:
    “Julieta”. Naroa Taniñe Aizpún. Auzalar Ikastetxe Publikoa (Orkoien). 6. maila.
    “Oreina eta Orkatz ehiztaria”. Sugar Luying Genua Alemán. Erleta Eskola (Leitza). 5. maila.
    “Ez dakit zergatik”. Iratxe Ciordia Lapeña. Argia Ikastola (Tutera). 6. maila.

     

     

    D ereduko Bigarren Hezkuntza:

    Lehen saria: “Pentsamenduak”. Irune Elizalde Abad. Larrainzar DBHI (Larraintzar). 2. maila.

    Ohorezko aipamenak:
    “Herenegun”. Garai Medrano Kareaga. Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla). 2. maila.
    “Elurra” Haritz Goikoetxea Flores. Iñigo Aritza Ikastola (Altsasu). 4. maila.
    “Txanogorritxo”. Ane Arboniés Eskiroz. Alaitz BHI (Barañain). 3. maila.

    Saridun bakoitzak bere mikro-ipuina irakurtzeko parada izan zuen, Oier Sanjurjo gonbidatuak bezala, berak ere espreski prestatu baitu mikro-narrazio berezia ("Gogoeta") edizio honetarako.

    Ekitaldian presente egon ziren Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamenduko ordezkari Asier Morras, Ultzamako Alkate Arantxa Martinez eta Ultzamako udaleko kultura zinegotzi Puri Etxeberria ere.

    Euskokultur Fundazioko lehendakari Bixente Serrano Izkoren agurrarekin, eta partaide guztien argazkiarekin amaitu zen ekitaldia.

     

     

    A ereduko saridunen ekitaldia, Cortesen

    Biharamunean, maiatzaren 11 osteguna, A ereduko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako sariak banatu ziren Cortesko Bardenas Reales institutuan. Oraingoan, Olaia Nuñez ikastetxeko Euskara irakasleak egin zituen aurkezle lanak. Lehen Hezkuntzako ikasleek kanta bat eman eta Bigarren Hezkuntzakoek Cortes herriari eta euskaraz ikasteko beren ibilerari buruzko ikus-entzunezko bat prestatu zuten ikusleen gozagarri. Ondoren, sari-ematea, Pamielako Jose Angel Irigaraik eta Oier Sanjurjo izan zirelarik sari-emaleak:

     

     

    A ereduko Lehen Hezkuntza:

    Lehen saria: “Aitor eta dragoia”. Jon Suescun Bustince. Escolapios-Calasanz (Iruñea). 6. maila.

    Ohorezko aipamenak:
    “Elkarrizketa whatsapp”. Aimar Ruiz Balduz. Juan Bautista Irurzun E.P. (Azkoien). 6. maila.
    “Leihoa irekita”. Leire Pérez Tolosa. La Compasión-Escolapios (Iruñea). 6. maila. –Tamalez ezin izan zuen bertaratu-.
    “Ilearen agurra”. Irati Elizari Sanz. Escolapios-Calasanz (Iruñea). 6. maila.

     


    A ereduko Bigarren Hezkuntza:

    Lehen saria: “Fikzioa edo errealitatea?”. Hirune Martinez Uriel. IESO Bardenas Reales (Cortes). 4. maila.

    Ohorezko aipamenak:

    “Jaiak”. Nora Nayem Bachir. IESO Bardenas Reales (Cortes). 4. maila.
    “Buh!!”. Elena Galindo Calvo. IES Marqués de Villena (Marcilla). 4. maila.
    “Amaierarik gabeko liburua”. Amaya Ongay Tejada. IES Marqués de Villena (Marcilla). 3. maila.

    Cortesen ere, saridunek eta baita Oierrek ere, aukera izan zuten beren mikro-ipuinak institutoko liburutegia mukuru betetzen zuten entzuleei irakurtzeko. Tartean ziren Cortesko alkate Conchi Ausejo eta udaleko kultura zinegotzi Maria Jesús Zoco.

    Bixente Serrano Izkoren esker-hitzek eta argazki-saioak eman zioten amaiera ekitaldiari.

     

     

    Iparraldeko saridunen ekitaldia, Senperen

    Herri Urratsen ospakizuna probestu genuen, igande maiatzaren 14ean, Iparraldeko sari banaketa egiteko. Oraingoan Jose Angel Irigaraik eta Bixente Serrano Izkok egin zituzten aurkezle lanak eta Ken 7 musika taldeko Eñaut Elorrieta kantariaren laguntza izan zuten sariak emateko garaian. Neska-mutiko hauek izan ziren saridunak:

     

     

    Lehen Maila:

    Lehen saria: “Neska zoriontsua”. Laurendi Oihenart. Arberoa Ikastola (Donamartiri). 5. urtea.
    Ohorezko aipamenak:
    Izenbururik gabekoa. Goizane Etxeverri-Lopepe. Oztibarreko Ikastola (Larzabale). 1. urtea.
    “Ametsa”. Maialen Arboi. Uztaritzeko Ikastola (Uztaritze). 5. urtea.
    “Nire ustezko oparia”. Aizane Defois. Ezkia Ikastola (Hazparne). 5. urtea.

     

    Bigarren Maila:

    Sail honetan Lehen Saria hutsik uztea erabakia baitzuen Epaimahaiak, bakarrik ohorezko aipamenak aurkeztu ziren.
    Ohorezko aipamenak:
    ”Salbatzailea”. Olivia Telechea. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.
    “Neguko sugearen zazpi buruak”. Lilou Aguerre. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.
    “Haurra eta sorgina”. Eva Izaguirre. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.

     

    Parte-hartzaile guztien talde-argazkiarekin amaiera eman genien 2016.eko Mikro-ipuin lehiaketako sari-emate ekitaldiei.

    Hiru saioetan parte hartu izan duten lagun guztioi eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.

     



  • IKERGAZTE bigarren kongresua hasiko da azteazkenean

    2017-05-08

    Ikergazte Kongresua

    Azteazkenean UEUk eta NUPek antolatutako IKERGAZTEren bigarren kongresua hasiko da Iruñeko NUPeko campusean. Ikertzaile gazteen (ibilbide zientifikoan) arteko ezagutza sustatzea, haien ikerketei ikusgarritasun handiagoa ematea eta euskarazko zientzia aregotzea ditu helburu.

    Informazio gehiago IKERGAZTEren webgunean aurkituko duzue.

     

    EGITARAU OROKORRA

     

    Asteazkena, maiatzak 10

    08:30 Harrera mahaia irekiko da
    09:00-09:30 Harrera ekitaldia
    09:30-10:30 Hitzaldi orokorra: “A Journey into the World of Galaxies“. Laurence Tresse (Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria).
    10:30-11:00 Hitzaldi orokorra: “Katedralaren eraikuntza“. Jose Ramon Etxebarria (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, UEUkidea).
    11:00-11:30 Kafea
    11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
    13:30-15:00 Bazkaria
    15:00-18:00 Tailerrak / Mahai ingurua

    (T) Informazioaren irudikapena. Nondik hasi?

    (T) Komunikazioa errazteko tresnak

    (T) Euskaraz hobeto idazteko tailerra

    (MH) Ikerketa eta politika. Politika eta Ikerketa.

    18:30-20:00 Saio Osagarriak

     

    Osteguna, maiatzak 11

    09:00-10:00 Hitzaldi orokorra:“Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzia” Arkaitz Carracedo (CIC BioGUNEko Onkologia Molekularra ikerketa taldeko burua)
    10:00-11:00 Aurkezpenak / Posterrak
    11:00-11:30 Kafea
    11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
    13:30-15:00 Bazkaria
    15:00-18:00 Tailerrak

    (T) Ikerketatik irakaskuntzara: gaitasun digitala giltzarri

    (T) Bibliografiaren kudeaketa Zotero erabiliz

    (T) Ingurune digitalaren inguruko ikerketak diziplina aniztasunaren ikuspegitik: sarea egiten

    (MH) Euskarazko aldizkarien etorkizuna

    21:00 Afari berezia eta saio osagarria

     

    Ostirala, maiatzak 12

    10:00-11:00 Hitzaldi orokorra. Elin Haf Gruffydd Jones. Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea.
    11:00-11:30 Kafea
    11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
    13:30-14:30 Bukaerako saioa eta sarien banaketa

     



  • 23 IDAZLAN SARITU, X. MIKRO-IPUIN LEHIAKETAN

    2017-04-24

    Urtebeteko geldialdiaren ondoren, sasoiz eta indartsu itzuli da mikro-ipuin lehiaketa. Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolaturiko hamargarren edizioan nabarmenki gora egin du parte-hartzeak. Izan ere, 1500 ipuin baino gehiago jaso dute antolatzaileek.

    Aingeru Epalzak, Inma Erreak, Toño Murok, Joxemari Sestorainek eta Itziar Diez de Ulzurrunek  osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.

    Parte-hartze handia eta anitza

    Aurreko edizioan 1200 idazlan jaso ziren, 48 ikastetxetatik. Ikasturte honetan berriz, 75 ikastetxetako 1559 ipuin heldu dira. Jasotako lan kopuruaz gain, bereziki pozgarria da eremu eta eredu aldetik izandako partaidetza anitza. Izan ere, lehiaketa sei kategoriatan antolatuta dago, eta horietako bakoitzean hautagaitza kopuru polita izan da: 

     

     

    kategoria

    zentroak

    ipuinak

    Nafarroa Garaia D eredua- Lehen Hezkuntza 24 473
    D eredua- Bigarren Hezkuntza 7 306
    A eredua- Lehen Hezkuntza 17 236
    A eredua- Bigarren Hezkuntza 11 219
    Xuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroa Lehen Maila (Ikastolak) 14 287
    Bigarren Maila (Kolegioak) 2 38
      Guztira 75 1559


    Epaimahaiaren esanetan, “urtero bezala, ustekabe atsegina izan da irabazleen izenak eta ikastetxeak jakitea. Nafarroa Garaian, sariak bazter guzti-guztietara barreiatu dira aurten, Mendialde, Iruñerri nahiz Tafallalde. Alde guztietakoak zaizkigu pozgarri. Hala ere, uste dugu nabarmentzekoa dela Erriberako ikasleek aurten erakutsi duten indarra. Eskualde horretako neska-mutilak bikain aritu zaizkigu, bai A eredukoak baita D eredukoak ere. Haien irakasleen merezimendua ere bada emaitza polit hori.” Era berean, epaimahaiaren hitzetan “azpimarratzekoa da, eta bereziki alaigarria, Iparraldeko kolegioek estreinakoz parte hartu izana. Lehen saria eman gabe gelditu bada ere, ongi etorririk beroena zuzendu nahi diegu Xantako Kolegioko eta Jean Pujo Kolegioko ikasleei, eta bide batez, bi ikastetxe horiek zabalduriko bideari lotzeko gonbidapena gainerako Kolegioei.”

    Saritutako ipuinak

    Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoan: “Gaien aldetik, gure haur eta gazteei buruan dabilzkien kezka, nahi eta desiren erakusleiho dira narrazio laburrok. Horiek irakurrita, aise asmatzen ahal da neska-mutilen beldurrak eta ametsak zein diren, eta beren fantasia nora edo zertara proiektatzen duten. Aunitz izanik eta haien artean on franko, zeregin benetan zaila gertatu zaigu hoberenak hautatzea. Minez, lan benetan estimagarriak utzi behar izan ditugu saririk eta aipamenik gabe. Ezin eman merezi zuten guztiei.”

       

    D ereduko Lehen Hezkuntza:
    "Amaiera arte tentsioa edo misterioa mantentzen jakin du, bukaera erabat lasaigarria emanez. Bestalde, egungo gazteen artean gai sakon bati heldu dio."
     

    D ereduko Bigarren Hezkuntza:
    • Lehen saria: “Pentsamenduak”. Irune Elizalde Abad. Larrainzar DBHI (Larraintzar). 2. maila.
    "Elkarrizketa laburrean, lau pertsonaia aurkezteko trebezia izan du, hizkuntzarekin eta ipuinaren mamiarekin jolastuz."
     
    • Ohorezko aipamenak:
      • “Herenegun”. Garai Medrano Kareaga. Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla). 2. maila.
      • “Elurra”. Haritz Goikoetxea Flores. Iñigo Aritza Ikastola (Altsasu). 4. maila.
      • “Txanogorritxo”. Ane Arboniés Eskiroz. Alaitz BHI (Barañain). 3. maila.

    A ereduko Lehen Hezkuntza:
    "Nabarmentzekoa da hiru hitzetan nola irudikatu dituen haur baten irudimena eta inozentzia, "zaldun arrunt bat", ia oximoron batez, izan ere. Narratiboki ere meritu handikoa."
     
     

    A ereduko Bigarren Hezkuntza:
    "Izenburuko zalantza irekita utzirik, egoera guztiz arrunt batetik gaur egungo gai mingarri baten iradokizuna egitea lortu du, galdera xume baten bitartez."
     
    • Ohorezko aipamenak:

    Iparraldeko Lehen Maila:
    "Bost esaldi aski izan ditu istorioaren barnean iraulketa gauzatzeko, pertsonaiak itzulikatuz."
     

    Iparraldeko Bigarren Maila:
     
     

    Sari-banaketa ekitaldiak eta liburuaren aurkezpena
    Nafarroa Garaiko D ereduari dagozkion sariak maiatzaren 10ean banatuko dira Larraintzarreko Institutuan; A eredukoak, berriz, maiatzaren 11n, Corteseko IESO Bardenas Reales ikastetxean. Bi hauetan Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko jokalaria arduratuko da sariak banatzeaz. Iparraldeko ekitaldia Herri Urratsen jaialdiaren baitan eginen da, maiatzaren 14ean. Eñaut Elorrieta izanen dugu bertan sari emaile.

    Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta jasoko du. Horrezaz gain, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak. Ikastetxeetan baliabide didaktiko moduan erabili ahal izateko argitalpena da, eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.



  • 1559 ikaslek parte hartu dute Mikro-ipuin Lehiaketaren hamargarren edizioan. Guzti-guztiei, mila esker!

    2017-04-10

    Ikasturte honetan sasoiz eta indartsu heldu da mikro-ipuin lehiaketa. Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolaturiko hamargarren edizioan nabarmenki gora egin du partehartzeak; izan ere, 1500 ipuin baino gehiago jaso dira.

    Jasotako lan kopuruaz gain, bereziki pozgarria da eremu eta eredu aldetik partaidetza anitza. Nafarroa Garaian, A ereduko 28 ikastetxetik eta D ereduko 21etik igorri dituzte idazlanak. Iparraldeko zentroetan berriz, aintzat hartzeko moduko gorakada nabari da aurreko edizioekin alderatuta: 14 eskolek hartu dute parte eta –estreinakoz- bi kolegiok.

    Ikasketa ereduaren eta zikloaren arabera, sei kategoriatan banatuko dira sariak eta kategoria bakoitzean lehen saria edo aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horrezaz gain, haien lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak.

    Aingeru Epalza, Inma Errea, Toño Muro, Joxemari Sestorain eta Itziar Diez de Ulzurrunek  osatzen dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik, hilaren 24an emanen dute deliberoa. Partehartzaileei zuzenean emanen zaie berri, bai eta prentsa eta sareen bitartez publikatu ere.



  • Dena prest larunbateko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako

    2017-04-03

    Heldu den larunbatean, apirilak 8, jokatuko da 2017ko Nafarroako Bertsolari txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna polikiroldegian, 17:00etatik aurrera. Joandako asteburuan zehaztuta geratu ziren final horretan ariko diren bertsolarien izenak.

    Hauek dira finalistak kanporaketetan lortutako puntuazioaren araberako ordenean:

    • Julio Soto
    • Xabi Maia
    • Eneko Fernandez
    • Eneko Lazkoz
    • Aimar Karrika
    • Ander Fuentes 'Itturri'
    • Xabier Terreros
    • Julen Zelaieta

     

    Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Katxetas taberna (Lizarra). Ondorengo egunetan, finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, eskuragai duzue txapelketako informazio eguneratua, www.bertsozale.eus atarian.

     

    Larunbatera bitartean, giroa berotzen joateko, honako bideoa prestatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteko lagunek:



Bilaketa: